Neguko solstizioa ate joka dugu, eta aurten desberdinak izanen direla hamaika aldiz esan badigute ere, urteroko ohiturak buruan ditugu: otordu ugariak, gabon kantak, Olentzero eta Mari Domingiri eskutitza idatzi eta opariak jasotzeko esperoan egotea… Aurten, ordea, Euskal Herriko tradizioei buruzko hausnarketa bat egin nahi izan dugu, eta Ezkarozeko Bilguaren laguntzarekin batera Zaraitzuko eskolak Olentzeroren figurari buruzko hitzaldi bat antolatu zuen azaroaren 18rako, Ezkarozen kokatuta dagoen Ibarreko Etxean.
Hogeita hamar bat pertsona gerturatu ginen Oier Araolaza dantzari eta kazetariak eskainiko zuen hitzaldia entzutera. Bertan geunden Zaraitzuko eskolako hainbat irakasle eta guraso, ibarreko kulturgileak eta beste zenbait herritar.
Gabonetako pertsonaia hegemonikoa Papa Noel edo Santa Klaus da, San Nikolasen figuratik eratorria. Bere presentzia nagusiki Estatu Batuetan aurki daitekeen arren, munduko hainbat txokotara iritsi da globalizazioarekin eta Eguberriak kontsumismotik ospatzearen ohiturarekin batera. Haatik, geurean beste figura batek batzen ditu Eguberrietako espiritua eta kontsumismoa, Olentzerok. Olentzero ez da horren pertsonaia isolatua ordea, euskaldunok hori pentsa genezakeen arren. Araolazak erakutsi zuen Eskandinavian topa daitezkeela zibilizaziotik kanpo bizi diren pertsonaiak, gauza onak dakartzatenak Eguberri garaian.
Baina Olentzero beti izan al da ba pertsonaia? Araolazak ikusarazi zigun ezetz, euskaldunon berezko ohitura bestelakoa zela. Europa osoan bezala, Euskal Herriko gure arbasoek mendiko enbor bat hautatu, etxera ekarri eta su ematen zioten, etxea berotzeko asmotan Eguberri garaian. Izan ere, negua bizitzaren zikloarekin lotzen zuten, heriotzarekin eta berpiztearekin. Enbor horri Olentzero deitzen zitzaion.
Denbora aurrera joan ahala enbor horiei pertsona itxura ematen hasi zitzaien: arropa janzten, kuia bat jartzen buru gisa… Eta horrekin batera, haurrak etxez etxe eskean joateko ohiturarekin bat eginez, Olentzero eramaten hasi ziren. Nolakoak ziren garai hartako Olentzeroak? Araolazak azaldu bezala, XX. mendean zehar herri bakoitzean Olentzero bat sortu zen, herri bakoitzaren imajinariotik sortua: handiagoak, txikiagoak, zaharragoak, gazteagoak, maskulinoagoak, femeninoagoak, dotoreagoak, zarpailagoak…
Alabaina, XX. mendea aurrera zijoan heinean, ohitura berriak sartzen ziren, gure ohiturak beste batzuekin nahasten ziren, eta mundua homogeneoago bihurtzen hasi zen. Alde batetik, eskean joateko tradizioa galtzen hasi zen. Orain Olentzero da etxera datorrena, opariz josita. Bestetik, Olentzero jada ez da herri bakoitzak imajinatu dezakeen Olentzeroa, azken hogei urteetan homogeneizazio prozesu bat egon delako bere figuran (izan ere, Lesakan ematen zioten itxura hartu da eredu gisa), eta sinestu egin dugu betidanik molde zehatz batekoa izan dela Olentzero: menditik opariz josita datorren aitona maitagarria.
Bidean beste figura bat asmatu dugu euskaldunok, tradizioan oinarririk ez duena: Mari Domingi. Emakumezko figura erreferentea, esanen dute batzuek. Araolazak azaldu bezala, ordea, Olentzero gizonezko figura bihurtzearekin batera heteronormaren atzaparretan erori gara berriz, eta emazte bat jarri diogu ondoan, berak bakarrik ezin baitu Euskal Herri osoko etxeetara iritsi. Eta horrela, nahi izan gabe, genero estereotipoak indartzen ari gara.
Bi ordu inguruko kontakizunaren ostean hamaika ziren denon buruetan zebiltzan galderak, kezkak eta hausnarketak. Askok ez genuen Olentzeroren jatorriaren berri, gehienok ezta Mari Domingirenaren berri ere. Zer pentsatua eman zigun Araolazak, eta barrena mugitzearekin batera erronka berriei eusteko heldulekuak sortu zizkigun.