MARTXOAREN 8ko EKIMENAK OTSAGABIKO ESKOLAN

Beste urte batez emakumeen eguna landu dugu Otsagabiko eskolan. Aurten gai zehatz bati heldu diogu: erabaki guneetan eta botere postuetan emakume eta gizonek ditugun rolak. Egunean zehar hainbat jarduera egin ditugu gai horren inguruan.

Haur Hezkuntzan, “Eta handia naizenean, zer?” ipuina landu dugu, etorkizunean haur guztiek hartu beharko duten ibilbide profesionalean aukera guztiak posible eta gozagarri bezala aurkezten dituen ipuina. Horren inguruko hausnarketa egin dugu, “mutilendako” edo “neskendako” lanbideen mitoak desitxuratuz. Bukatzeko, handiak direneak zer izan nahi duten marraztu dute ikasleek.

Lehen Hezkuntzan, bi zatitan banatu da goiza. Lehenengo tartean, LH 5-6ko taldean lanbideen inguruan dituzten genero estereotipoak antzematu eta aztertu dute eta estereotipatu gabe dauden lanbideen askotariko erreferente positiboak ikusi dituzte. Estereotipoa errealitatea baino indartsuagoa delako ondorioa atera dute. Genero- desberdintasun eta diskriminazio horietaz ohartzeko, beste jarduera bat burutu dugu. Egoera matxistaren zerrenda idatzi ondoren eztabaidatu dute egoera horiek saihesteko modua eta diskriminaziorik ez izatearen garrantziari buruz.

LH1-2 taldean martxoak 8aren egunaren inguruko azalpenak eman zitzaizkien aurreko egunean; egunaren garrantzia, feminismoa zer den, feminismoari esker zer lortu den eta bestelakoak azaldu zizatizkien. Egunean bertan aurre ezagutza hauek izanda, hainbat jarduera egin ziren: diskriminaziozko egoerak ikusi ziren, estereotipoak hausten dituzten errealitateen eta subjektuen inguruan hitz egin zen, bizitza sostengatzeko zaintzak beharrezkoak direla eta hauen banaketa justoa eman behar dela ondorioztatu zen, eta abar. Bukaeran, “Gora borroka feminista” lemadun pankarta egin zen eta inguruan emakume, gizon zein beste subjektu ez-bitarren aurpegiak itsasi zituzten, estereotiporik gabe identitate bakoitzari lanbide bat esleituz eta marraztuz.

LH3-4 taldean, “Ba al zenekien…? jarduera egin dugu. Asmatzaile, aintzindari edo zerbaitetan hausle izan diren emakumeen biografiei buruz ikertu eta horrekin horma irudi bat egin dute. Izan ere, jende askok ez daki emakume batek beira garbigailua asmatu zuela, emakume piratak egon zirela, teniseko emakume txapeldun handi bat izan genula, eta abar. Askotan, testu-liburuek eta material didaktikoek ezkutatu egin izan dutelako emakumeek historian zehar eta gaur egun egindako lana. 

Goizaren bigarren zatian, neskak boteregunetan egoteko, lotsa ez izateko edota isilaraziak ez izateko zer behar duten aztertzen aritu dira. “Errespetua” eta “tratu berdina” izan dira gehien aipatu dituzten eskaerak, bide horretan aurrera egin ahal izateko. Mutilak, bertzetik, aldaketa horretan egiten ahal dituzten ekarpenen inguruko hausnarketa eta proposamenak idazten aritu dira. “Espazioak partekatzea”, “neskak jolastera gonbidatzea” eta “etxeko lanetan parte hartzea” izan dira aipatutako konpromiso nagusiak.

Bigarren Hezkuntzan hiru jarduera nagusi egin ditugu. Lehenengoan, artelana egin dugu. Hasieran  DBH 1-2 taldean eta ondoren DBH 3-4an. Ekintzaren hasieran taldeka elkartzen genituen ikasleak, talde mistoak eginez. Taldeei eginkizun bat eman zaie: artelan bat egin behar zuten (gaia ez diegu guk jarri, baina guztiek martxoak 8 aukeratu dute). Artelana egiteko denbora muga bat izan dute, 45 minutu. Ekintza egiten zen bitartean talde bakoitzak kanpo behatzaile bat izan du neska eta mutilen jarrera aztertuz, zenbait konturen inguruan: talde antolaketa, eduki-rolak, forma-rolak eta oztopo-rolen inguruan. Horretaz gain, denbora tarte honetan esan dituzten esaldi guztiak ere jaso dira. Artelanak lau parametro kontutan hartuta baloratu dituzte behatzaileak: originaltasuna, erakarpena, mezua eta eskulana. Bukatzeko hausnarketa bat egin da, lehenengo talde bakoitzak kontatu du bere esperientzia artelana egiteko prozesuan, ondoren behatzaileek kontatu dute gertatutakoa, eta azkenik, guztiarekin ondorioak atera ditugu. 

Bigarrengoan, DBH 3-4ko ikasleek Eurovisión jaialdiarako eztabaida piztu zuten 3 kanta aztertu dituzte: zer mezu, zer ikuspegi, zer pentsamolde zabaltzen ote dituzte… Horretaz sakonki baita bizi-bizi ere eztabaidatu dute gure ikasleek, joko ederra eman baitiete hiru kanta horiek. Alde handia dago beren hitzetan, mezu guztiak ez dira onargarriak eta ikasleek argi izan dute betaurreko moreak ez ezik, baita belarri feministak ere beti prest egon behar direla.

Azkenik lidergoaren inguruko jarduera bat egin dugu. Bertan lehendabizi ikasle batzuei lider papera jarri diegu eztabaida batean eta ondoren zer nolako liderrak izan diren hausnartu dugu. Ondoren lider on batek zein ezaugarri izan behar dituen proposatu dute ikasleek eta ikusi dugu ea ezaugarri horiek gehiago ikusten diren emakumezkoetan edo gizonezkoetan. 

Eguerdian ikasle eta irakasle guztiok argazki bat atera dugu soinketalekuan DBHko ikasleek prestatutako hainbat lelorekin. Azkenik, DBHko ikasleek feminismoaren historiaren inguruan gehiago ikasi dute: noiz hasi zen, zein aldarrikapen egon diren, zer lortu den historian zehar…

Kategoria: Sin categoría. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.